Prentsa arduraduna:
Aitor Ubarretxena. Infotres Comunicación.
943 22 45 30 / 609 12 16 66
E-mail: press@euskalencounter.org
Gipuzkoa Encounter 9 informatika-topaketako jarlekuak 41 segundotan erreserbatu dituzte zaletuek |
Gipuzkoa Encounter informatika-topaketak gero eta ospe handiagoa du, bederatzigarren partyak hautsi duen marka berriak erakusten duen moduan. Iazko parte-hartzaileek minutu bat eta 27 segundotan hartu zituzten Tolosako Usabal kiroldegiko 400 ordenagailu-jarlekuak, eta, jada ezinezkoa zirudienean denbora hori gainditzea, 41 segundotara murriztu dute aurten. Urtetik urtera agerikoagoa da informatikaren eta teknologia berrien zaletuek interes gehiago dutela Gipuzkoako bilgunean. 2011n, hiru ordutan bete ziren tokiak, eta 2012an, berriz, 12 minutu eskasetan. Denbora hori nabarmen murriztu zen 2013an, 2 minutu eta 20 segundora; eta zifra ia erdira jaitsi zen iaz. Ikusmin handiz, ehunka geek bertaratuko dira martxoaren 13 eta 15 artean Tolosara, Euskaditik nahiz espainiar Estatutik etorritakoak, sarean dozenaka jarduera gauzatzeko. Gipuzkoa Encounterreko egitarauaren barne arte digital, programazio, bideojoko, software libre eta hardware arloetako lehiaketak daude, baita teknologia berriekin loturiko hitzaldi eta tailerrak ere. Guztira, 600 parte-hartzaile inguru bilduko dira Usabalen. Euskalamiga elkarteak koordinatutako eta Tolosako Udalak eta Euskaltel Konektak (orain arteko Euskaltel Fundazioak) antolatutako partyaren babesle dira Euskaltel, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo departamentua eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun saila, SPRIren bitartez. Parte-hartzaileek segundoko gigabyte bateko (1.024 Mb) abiaduran nabigatu ahal izango dute Interneten Euskalteli esker; hau da, nabarmen gaindituko dute etxeetan izan ohi den konexio-abiadura. Publikoari irekia Hitzaldiak eta tailerrak publikoari irekiak eta doakoak izango dira. Bertaratzen direnek, gainera, kiroldegiaren sarreran kokatutako bideojokoen zona eskuragarri izango dute. Gainera, interesatuek eguneko sarrerak hartu ahal izango dituzte, partaideen zonan sartu eta partyko egitarauak hartzen dituen ekintza guztietan parte hartu ahal izateko. Gipuzkoa Encounterren jatorria Euskadin informatika zaleen hitzordu gehiago sortzeko eskaerari erantzuteko jaio zen Gipuzkoa Encounter, eta Euskal Encounterrekin, Estatuko party handi eta zaharrenarekin, bat egin zuen. Ildo beretik, Araba Encounter jarri berri dute martxan pasa den abenduan. Partyak ordenagailuekiko pasioa sentitzen duten pertsonen bilguneak dira. Zenbait egunez beren ordenagailuekin biltzen dira ezagutzak partekatu eta ekintza anitzetan parte hartzeko. Bilgune horien sorlekua Europako iparraldean ezarri dute. Alemania, Finlandia eta Danimarkan oso zabalduak daude, eta 80ko hamarraldiaren erdiaz geroztik ospatzen dituzte. Alde batetik, Demoparty gisa ezagutzen direnak daude, eta informatikaren alderdi sortzaile eta artistikoaren erakustoki bikaina dira; hau da, arte digitalaren topagune dira. Bestetik, Lanparty deiturikoak egiten dira; sareko joen bilkurak. Horien garapenaren ondorio gisa sortu ziren jokoen lehiaketa profesionalak. Azpimarragarrienetako bat, GameGune, duela hamalau urtetik hona burutzen da Euskal Encounterren barne. Gipuzkoa Encounter, uztailean ospatuko den Euskal Encounterraren moduan, bi party mota horien konbinazioa da. Euskaltel Konekta Euskaltel Fundazioak, hemendik aurrera Euskaltel Konekta, etapa berri bati ekin dio, EKTen erabilerari lotuta pertsonen, enpresen eta ekimenen arteko konexioa bultzatzeko. Euskal gizartean teknologia berriak eta gazteak ardatz dituzten jarduerak sustatuko ditu Euskaltel Konektak, baita EKTen ezagutza eta erabilera ere. Horrez gain, EKTekin loturiko erreferentziazko ekitaldietan parte hartuko dute, eta munduan arrakasta lortu duten arlo horretako egitasmoekin konektatzea bilatuko dute. |