Prentsa arduraduna:
Aitor Ubarretxena. Infotres Comunicación.
943 22 45 30 / 609 12 16 66
E-mail: press@euskalencounter.org

Gipuzkoa Encounter 9ak publikoari irekitako gunea estreinatuko du, heziketara eta ondo pasatzera zuzendua


  • Martxoaren 13 eta 15 bitartean Tolosan gauzatuko den informatika-topaguneko Opengunean hitzaldiak, lantegiak eta jokoak egongo dira

  • Tolosako alkate Ibai Iriartek partyaren harrera bikaina azpimarratu du, 400 ordenagailurentzako jarlekuak 41 segundotan erreserbatu baitzituzten parte-hartzaileek

  • Gipuzkoako Foru Aldundiko Informazioaren Gizarteko zuzendari Lore Martínez Axpek adierazi duenez, Gipuzkoa Encounterren emakumeek duten presentzia bultzatzen jarraitu behar da, partaideen %13 soilik baitira

  • Eusko Jaurlaritzako Informatika eta Telekomunikazioen departamentuko zuzendari Jaime Domínguez-Macayak informatika-festak dakarren ezagutza-elkartrukea nabarmendu du

  • Euskalteleko Harreman Instituzionalen zuzendari Nerea Lupardok Euskaltel Fundazioak (orain Euskaltel Konekta) gizarte-konexioa eta garapen teknologikoa bultzatzeko konpromisoa duela berretsi du



Ostiralean hasiko den Gipuzkoa Encounter 9 informatika-topaketak publikoari irekitako Opengune zona estreinatuko du. Espazio horretan hitzaldiak, lantegiak eta bideojokoen gunea egongo dira, teknologia berrien inguruan interesa duten herritarrek bilgunean parte har dezaten sustatzeko.

3Dko inprimaketari, arlo digitaleko pribatutasunari edota gailu mugikorren bidezko musika-konposaketari buruzko mintzaldi eta tailerretan doan parte hartu ahal izango dute asteburu honetan Tolosako Usabal kiroldegira gerturatzen direnek. Ekitaldiaren antolatzaile Sabino San Vicentek azpimarratu du aurten ere "ideien laborategi" bilakatu nahi dutela Gipuzkoa Encounter. Parte-hartzaileek ezagutzak elkartrukatzeko bilgune egokia da partya, eta hartu-eman horretatik proiektu profesionalak sortzeko aukera dago, aurreko urteetan gertatu den moduan.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Informazioaren Gizarteko zuzendari Lore Martínez Axpek topaketaren arduradunak zoriondu ditu, Tolosako Udala eta Euskaltel Fundazioa-Euskaltel Konekta. Bestalde, Gipuzkoa Encounterren emakumeen presentzia areagotzeko ahaleginak egiten jarraitu behar dela ohartarazi du, partaideen %13 soilik baitira. Partyan ez ezik, teknologia-sektorean dagoen emakumezkoen defizitari erreferentzia egin dio. Emakumeak teknologiaren esparrutik baztertzen dituzten aurreiritziak bertan behera uztearen garrantzia aldarrikatzeko, Lord Byron poetaren alaba Ada Byronek (1815) egindako ekarpena aipatu du; izan ere, zientzialari eta matematikari hori historiako lehen programatzaile gisa hartua da.

Tolosako alkate Ibai Iriarte pozik agertu da Gipuzkoa Encounterrak lortutako harrerarekin, 400 ordenagailu-jarlekuak 41 segundotan erreserbatu baitzituzten parte-hartzaileek. Bere aburuz, ekonomiaren eragile den teknologia-sektorea bultzatzen jarraitzeko beharra agerian uzten du Tolosako partyak.

Eusko Jaurlaritzako Informatika eta Telekomunikazioen zuzendari Jaime Domínguez-Macayak ere nabarmendu du mota honetako bilkurek ezagutzak partekatzea eta enpresa-proiektuak zabaltzea ahalbidetzen dutela. Konkretuki, Gipuzkoa Encounter enpresa-ekimenak sortzeko foro moduan aurkeztu du, bereziki Euskadiko bideojokoen sektoreari begira.

Euskalteleko Harreman Instituzionalen zuzendari Nerea Lupardoren esanetan, garrantzitsua da nabarmentzea teknologiaren atzean "pertsonak daudela". Ildo horretatik, Euskaltel Konektaren helburuetako bat teknologiarekin loturiko ikerketa eta garapena bultzatzea da, herritar guztiek informazioaren gizartea eskura izan dezaten posible egiteko.

Ikusmin handiz, ehunka geek bertaratuko dira martxoaren 13 eta 15 artean Tolosara, Euskaditik nahiz espainiar Estatutik etorritakoak, sarean dozenaka jarduera gauzatzeko. Gipuzkoa Encounterreko egitarauaren barne arte digital, programazio, bideojoko, software libre eta hardware arloetako lehiaketak daude, baita teknologia berriekin loturiko hitzaldi eta tailerrak ere. Parte-hartzaileek segundoko gigabyte bateko (1.024 Mb) abiaduran nabigatu ahal izango dute Interneten Euskalteli esker; hau da, nabarmen gaindituko dute etxeetan izan ohi den konexio-abiadura.

Euskaltel Konekta
Euskaltel Fundazioak, hemendik aurrera Euskaltel Konekta, etapa berri bati ekin dio, EKTen erabilerari lotuta pertsonen, enpresen eta ekimenen arteko konexioa bultzatzeko. Euskal gizartean teknologia berriak eta gazteak ardatz dituzten jarduerak sustatuko ditu Euskaltel Konektak, baita EKTen ezagutza eta erabilera ere. Horrez gain, EKTekin loturiko erreferentziazko ekitaldietan parte hartuko dute, eta munduan arrakasta lortu duten arlo horretako egitasmoekin konektatzea bilatuko dute.

Itzuli