Prentsa arduraduna:
Aitor Ubarretxena. Infotres Comunicación.
943 22 45 30 / 609 12 16 66
E-mail: press@euskalencounter.org

Teknologia, prestakuntza eta dibertimendua izango dira nagusi, 55 orduz, Gipuzkoa Encounterren

Gipuzkoa Encounter informatika-topaketa 10etan hasi da eta giroa, jada, pil-pilean dago. 600 parte-hartzaileak etengabe jardunean arituko dira, 55 orduz jarraian, goiz eta gauez, partyak eskaintzen dituen dozenaka ekintzetan parte hartuz. Iluntzean, gainera, areagotu egiten da partaideen arteko hartu-emana.

Euskadiko eta espainiar Estatuko zenbait autonomia-erkidegotako ehunka zaletu elkarren ondoan egongo dira igande arratsaldera arte, Tolosako Usabal kiroldegian. Bertan, arte digital, programazio, bideojoko, software libre eta hardware lehiaketetan parte hartu ahal izango dute, baita teknologia berriekin loturiko hitzaldi eta tailerretan ere. Hori guztia, Euskaltelek eskaintzen duen gigabit bateko (1.024 Mb) interneterako konexio-abiadurarekin, etxeetako konexioa baino nabarmen azkarragoa.

Aurtengo berrikuntza nagusia Opengunea da, publikoari irekitako zona. Gune horren helburua da teknologia berrietan interesa duten herritarrak, topaketan izena eman ez dutenak, partyra erakartzea. Interesatuek antolatutako tailer eta hitzaldietan parte hartu ahal izango dute, gai anitzen inguruan: 3Dko inprimatzea, garai digitaleko pribatutasuna edota gailu mugikorren bidez eginiko musika-konposaketa, besteak beste.

Gipuzkoa Encounterren inaugurazioan, Tolosako alkate Ibai Iriartek ongietorria egin die parte-hartzaileei, eta urtero azaltzen duten ilusioa eta leialtasuna txalotu du. Horren adierazle garbia da ordenagailu jarleku guztiak 41 segundotan erreserbatu izana. Halaber, kiroldegitik atera eta herriaz gozatzera gonbidatu ditu.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Informazioaren Gizarteko zuzendari Lore Martínez Axpek ekitaldiko antolatzaileak, Euskaltel Fundazioa-Euskaltel Konekta eta Tolosako Udala, zoriondu ditu. Sektore teknologikoetan emakumearen presentzia indartzeko apustua egin behar dela nabarmendu du, gainera. Partyan dauden neskei zuzenduz, matematiken eta informatikaren garapenean funtsezko papera izan duten emakumeen eredua jarraitzera animatu ditu.

Euskalteleko Harreman Instituzionaletarako zuzendari Nerea Lupardok teknologiaren atzean pertsonak daudela azpimarratu du, eta, horregatik, pertsona bera "erdigunean" jarri behar dela adierazi du. Parte-hartzaileak ezagutzak elkartrukatzera ere gonbidatu ditu. Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazioaren Gizarteko zuzendari Aitor Urzelaik egunak gozatu eta aprobetxatzeko esan die partaideei, eta euren ezagutzak gizartearen eta enpresen zerbitzura jartzeko eskatu die.

Euskaltel Konekta

Euskaltel Fundazioak, hemendik aurrera Euskaltel Konekta, etapa berri bati ekin dio, EKTen erabilerari lotuta pertsonen, enpresen eta ekimenen arteko konexioa bultzatzeko. Euskal gizartean teknologia berriak eta gazteak ardatz dituzten jarduerak sustatuko ditu Euskaltel Konektak, baita EKTen ezagutza eta erabilera ere. Horrez gain, EKTekin loturiko erreferentziazko ekitaldietan parte hartuko dute, eta munduan arrakasta lortu duten arlo horretako egitasmoekin konektatzea bilatuko dute.

Itzuli