Prentsa arduraduna:
Aitor Ubarretxena. Infotres Comunicación.
943 22 45 30 / 609 12 16 66
E-mail: press@euskalencounter.org
"Interneteko enpresa handiak gure datuak aztertzetik bizi dira" |
Interneteko enpresa nagusiek, Facebookek, Twitterrek eta Googlek kasu, erabiltzaileen datuak aztertzetik lortzen dute euren fakturazioaren %90. Euskalteleko Informazio Teknologien Segurtasunerako arduradun Ángel Barrio Martínez "gure pribatutasunaren kontrola" berreskuratzearen garrantziaz mintzatu da Gipuzkoa Encounter 9an, eta teknologia berriak egoki erabiltzeaz ohartarazi du. Interneten nahiz sare sozialetan pribatutasuna bermatzeko aholkuak eskaini ditu eta, aditzera eman duenez, "soilik arazoren bat sortzen denean arduratzen gara faktore horietaz, jada berandu izan ohi denean". Konpainia handiek "aurrean jarri dizkiguten iragarki konkretuei jaramon egin diezaiegun" zer nolako estrategiak erabiltzen dituzten azaldu du; "geuk emandako datuak analizatzetik begi-bistan jarri dizkiguten publizitateei", hain zuzen. Argazkien lapurreta jasan duten bi pertsonaia ospetsuren kasuak jarri ditu adibide moduan. Aditzera eman duenez, euren telefono mugikorretako pribatutasun politika ez zuten behar bezala konfiguratua, eta horregatik jasan dute egoera hori. Era berean, enpresetako informazio galerak gero eta nabarmenagoak direla aipatu du, eta mota horretako arazoak ekiditeko sentsibilizazio-lana egin behar dela iritzi du. Haurtzaroan heztea Bere esanetan, "Internet nerabezaroan dago" eta, hortaz, erabiltzaileetako askok ez dituzte arriskuak ikusten. "Arriskuaren kontzeptua ikaskuntza-prozesuan barneratzen dugu. Guraso batek haurrari semaforoa berde dagoenean gurutzatzen irakasten dion moduan, datu pribatuak babesten ere irakatsi beharko lioke". Datuen babesa bultzatzeko, adituek, enpresek, irakasleek eta gurasoek elkarlanean jardun beharko luketela esan du. Haurren kasuan, gero eta maizago erabiltzen dituzte smartphonak "familien ia kontrolik gabe". "Ez dizkiegu umeei teknologia berriak debekatu behar, baina bai modu egokian erabiltzen irakatsi", azpimarratu du. Aholku praktikoak Barriok "publikoki argitaratzen dugun informazioa murriztea" aholkatu du, baita Interneteko konpainia nagusien pribatutasun konfigurazioa behatzea ere; Facebook, Twitter eta Google bezalako enpresena kasu. Horien nahiz gailu mugikorren konfigurazioa norberak nahi duen agerpen mailara egokitzeko gomendatu du. Era berean, baieztatu du pertsona askok ez dietela alderdi horiei kasurik egiten eta Interneten "gezur handian erori" ohi direla: "Irakurri dut eta onartzen dut" klausulan begiratu gabe klik egitea. Alternatiba moduan, erabiltzaileen Interneteko bilaketa-datuak atera ditzaten ekiditen duten programak badaudela ezagutarazi du. Konkretuki, disconnet.me (https://disconnect.me) plugin-a gomendatu du, diru-laguntza publikoekin finantzatua eta doakoa dena. Programa horrek gure "bizitza digitala" erregistratua gera ez dadin bermatzen du, eta nabigatzen jarraitzeko aukera ematen du pribatutasunaren mehatxua gainetik kenduz. Google-en "kokapenen historikoa" ere azaldu du Angel Barriok. Android mugikor bat zein lekutan izan den ikusteko aukera ematen du horrek, eta "pertsona askok ez daki datu horiek jasotzen ari direla, ezta nola erabiltzen dituzten ere". Baina, aukera hori desaktibatzeko aukera badago https://maps.google.com/locationhistory url-an. Euskaltel Konekta Euskaltel Fundazioak, hemendik aurrera Euskaltel Konekta, etapa berri bati ekin dio, EKTen erabilerari lotuta pertsonen, enpresen eta ekimenen arteko konexioa bultzatzeko. Euskal gizartean teknologia berriak eta gazteak ardatz dituzten jarduerak sustatuko ditu Euskaltel Konektak, baita EKTen ezagutza eta erabilera ere. Horrez gain, EKTekin loturiko erreferentziazko ekitaldietan parte hartuko dute, eta munduan arrakasta lortu duten arlo horretako egitasmoekin konektatzea bilatuko dute. |