Prentsa arduraduna:
Aitor Ubarretxena. Infotres Comunicación.
943 22 45 30 / 609 12 16 66
E-mail: press@euskalencounter.org

Gipuzkoa Encounter 9ko parte-hartzaileek bi milioi mega mugitu dituzte barne-sarean


  • Partaideen interkonexioari esker, Usabal kiroldegia super-ordenagailu bilakatu da: 520 terako disko gogorra, 5.600 GHz eta 2,4 terako RAM memoria duen makina

  • Aurtengo nobedadea, Opengunea, herritarrentzat irekia egon da ostiraletik, eta pertsona ugari bertaratu dira tailer, hitzaldi eta jokoen zonan parte hartzera

  • Topaketaren antolatzaile nagusi Sabino San Vicente pozik dago partyaren garapenarekin, eta jakinarazi du hurrengo Gipuzkoa Enconterren haur eta gazteei zuzendutako prestakuntza espezifikorako arloa estreinatuko dutela

  • BIDEOA: Musikari digitalek gailu mugikorren bidez musika konposatzeko jarraibideak eman dizkigute: https://youtu.be/VAiqX9x7VRw



Gipuzkoa Encounter informatika-topaketako 600 parte-hartzaileek 1,96 milioi giga mugitu dituzte barne-sarean, eta 64.000 gigako trafikoa sortu dute Interneten. Partyan zehar burututako jarduera handiaren erakusle dira zifra horiek. Erabiltzaileen arteko hartu-emanak super-ordenagailu bilakatu du Tolosako Usabal kiroldegia; hau da, ordenagailu guztiak bateratuz 520 terako disko gogorra, 5.600 GHz eta 2,4 terako RAM memoria duen makina sortuko litzateke.

Ekitaldiaren koordinatzaile Sabino San Vicente oso pozik agertu da partyaren emaitzekin, alderdi teknikoak nahiz partaidetza-mailak nota altua lortu baitute. Gipuzkoa Encounterren neurriaz jabetzen laguntzen du sistemaren tamainari erreparatzeak: 7,2 kilometro kable eta segundoko 1.100 gigako informazio-transmisiorako gaitasuna.

Euskadin antolatzen dituen hurrengo topaketa teknologikoei begira, Euskaltel Fundazioak (Euskaltel Konekta) hurrengo Gipuzkoa Encounterren berritasunak egongo direla jakinarazi du; adin txikikoei zuzenduriko prestakuntza espezifikorako gunea, hain zuzen.

Hiru egunotan Opengune zona irekian egindako jarduera hezigarri eta ludikoetan "parte-hartze handia" izan dela adierazi du Sabino San Vicentek. Bertan eskaini dituzten hitzaldi, tailer eta jokoetan interesa zuten herritar ugari hurbildu dira Usabalera. Espazio horren eskaintza erakargarrienetako bat errealitate birtualeko betaurrekoak izan dira. Bertaratuek "errusiar mendi" erraldoietan gozatzeko aukera izan dute, grafiko eta efektu ikusgarriekin.

Sormen artistikoari dagokionean, parte-hartzaileek aurkeztu dituzten irudi, abesti eta bestelako proiektuen maila "oso altua" izan da. Lan horietako batzuk ordu gutxi batzuetan egin behar izan dituzte, lehiaketen arauen arabera; eta beste zenbaitzuk, aldiz, hilabetez landutako obrak dira. Segurtasun arloko Hack It/Solve It lehiaketan ere partaidetza nabarmena lortu dute. Diziplina anitzeko adituak hacking, alderantzizko ingeniaritza, kriptografia eta logika bezalako arloetan erronka ugari gainditu behar izan dituzte.

Euskalamiga elkarteak koordinatutako eta Euskaltel Fundazioak (Euskaltel Konekta) eta Tolosako Udalak antolatutako hitzordu informatikoaren babesle dira Euskaltel, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo saila, SPRIren bitartez.

Itzuli